Txorroskiloa

Ehiztarien kontuak

|Gotzon Sanchez|

Apirila hilabete santua izan ohi da, baita errepublika aldarrikatzen den egunaren hilabetea ere. Aurtengo ostiral santuan, kuluxka, besta, tortilla eta zezenen erresumako erregeak istripua izan zuen Afrikako Botswanan elefanteak ehizatzen ari zela. Aldaka besterik ez zuen apurtu, eta hurrengo egunean bere herrira itzuli zuten ebakuntza egin ziezaioten, errepublika izatetik urrun, zeruaren kolorea gero eta eskuindar-urdinagoa duen bere erresuma santura.
Astebete lehenago, erresuma horretatik oso hurbil dagoen herri txiki batean, bertako ehiztari beltzek arauak ahaztu eta askatasun osoz astindu zituzten berriz ere bertako kaleak, Iñigo izeneko gazteari burua leherraraziz. Eragindako zaurien ondorioz mutila hil egin zen egun batzuen bueltan.
Bizitza justua ez dela pentsatuko dugu askok, 28 udaberri besterik ez zituela txikitu diotelako burua Iñigori, eta heriotza heltzen zitzaion bitartean, 74 urteko estatu buru bat Botswanan zegoelako bere etxetik 8.000 kilometrotara lasai asko krisialdiak bere herrian eragindako arazoetatik at.
Bizitza justua ez dela pentsatuko dugu askok, errege horri ez zaiolako gorputza dardarka jartzen “desahucio” hitza entzuten duenean, berari ez baitiote etxea kenduko elefante gizarajoak akabatzen jarduten duen bitartean, eta aurpegia lotsaz ez zaio eroriko horregatik. Burua tinko mantenduko du barkamena eskatzen duen bitartean, eta galduko duen bakarra lotsa izango da.
Bizitza justua ez dela pentsatuko dugu askok, errege lotsagabe batek burua galtzen duen bitartean, Iñigoren gurasoek ez dutelako bururik altxako sufrimenduak jota, Iñigo kendu dietelako eta honek ez dielako sekula bere irribarrea berriz erakutsiko.
Ez dakit Iñigo errepublikarra, kristaua, musulmana edo abertzalea ote zen, baina ziurtzat eman dezaket hurrengo urtean ere aste santua ospatuko dela eta askok errepublika aldarrikatzen jarraitu beharko dugula oraindik ere. Sikieran zerurik balego Iñigo bertan izateko!
Badut Botswanako oihanean munduko istilu eta buruhauste guztietatik at bizi den lagun bilbotar bat. Igartzen duen falta bakarra apirilaren 14ean lankideekin batera Internazionala abestea eta Athleticeko lehoien partidak dira. Ez zekien ezer Iñigoren heriotzari buruz, eta gertatutakoaren nondik norakoa azaldu nionean irribarre egin eta zera esan zidan:
Botswanan monarkikoa bihurtu naiz, lehoiak bertan errege baitira. Hauek praktikatzen duten ehiza garbia da, beharrezkoa, hil ala biziko partida. Orain ulertzen dut zergatik beuden orroek negarrak ziruditen Iñigo hil zen gau hartan…”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

%d bloggers like this: