I•Gazte

Gazteria eta irakurzaletasuna
Pasa den apirilaren 23an ospatu zen Liburuaren Nazioarteko eguna dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak ‘Euskadiko Gazteak 2012’ ikerketako irakurzaletasunari buruzko zenbait datu aditzera eman ditu. Aipatu azterlana, 2012an EAEko 15 eta 29 urte bitarteko 1500 gazteri egindako inkesta batean oinarritzen da. Azterlan honen baitan, lana edo ikasketak direla-eta irakurri ahal izan dituztenez aparte, azken hilabetean, aisialdian libururen bat irakurri zuen gazteen kopurua %54koa da. Horrela, lanarekin edo ikasketekin lotuta ez dauden liburuak irakurtzea ohikoagoa da gazteen artean Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria orokorrarengan baino, azken honetan, portzentajea %41koa baita.

Generoari dagokionez, azterlanak emandako datuen arabera, emakume gazteen artean (% 65) ohikoagoa da aisialdian irakurtzea, gizon gazteen artean baino (% 43). Lurraldeka, berriz, arabar gazteak lirateke irakurketa mota hau gehien eginten dutenak (%60) jarraian gipuzkoarrak (%56) eta bizkaitarrak aurkitzen direlarik (%50). Aisiarako irakurtzen dutenen ehuneko hori bereziki altuagoa da duela bost urte kolektibo berarengan antzemandakoa baino (% 45), Kulturaren Euskal Behatokiak Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura-ohiturei, praktikei eta kontsumoari buruzko estatistiketan (2007-2008) emandako datuek aditzera ematen dutenez.

Kolektibo bakoitzean antzeman den bilakaera aztertuz, hiru lurraldeetan igoera orokorra izan dela ikus daiteke. Arabak irakurle gazteen ehunekorik handiena izaten jarraitzen du. Bizkaiak, ordea, ehunekoak gora egin arren, irakurtzen duten gazteen ehunekorik apalena du. Nolanahi ere, Gipuzkoako gazteengan igo dira gehien irakurzaleen ehunekoak. Bestalde, aisia-arrazoiengatik irakurtzen dutenen ehunekoak igoera handiagoa izan du emakumeen artean (+%16), gizonen artean baino (+%3). Adinari dagokionez, gorakadarik nabarmenena 15 eta 19 urte bitartekoenengan eman da (% 36tik % 52ra). Gainerako adin-taldeetan igoerak ere azpimarratzekoak izan dira, baina ez gazteenen artean bezain handiak (20 eta 24 urte bitartekoenen artean, % 47tik % 54ra igo da, eta 25 eta 29 urte bitartekoenengan, % 49tik % 54ra).
Azkenik, Euskadiko gazteen eta Espainiako gazteen ehunekoak alderatuz gero, aurreko hilabetean libururen bat aisiarako irakurri dutela dioten gazteak nabarmen gehiago direla Euskadin Espainian baino ikus daiteke: % 54k eta % 38k, hain zuzen ere.

Euskal gazteria gero eta intoleranteagoa al da?

Aurtengo martxoan Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 29 urte bitarteko gazteei egindako inkesta baten arabera, ideia, sinismen edo balio berberak ez dituztenekin gustura ez dauden gazteen kopurua hazi da. Horrela, azken hamarkadan, bestelako ideiak, sinismenak edo balioak dituzten pertsonekin ‘oso edo nahikoa desgogara’ dauden inkestatutako gazteen ehunekoa 7 puntutan hazi da, %10etik %17ra hain zuzen ere.

Datuen azterketa sakonagoa eginez gero, mutilak neskak baino intoleranteagoak direla ikus daiteke: %19 mutilen kasuan eta %16 nesken kasuan. Adinka ere datu kezkagarriak antzeman daitezke, nolabait ere, gazteengan kultura-arteko elkarrizketa sustatze aldera arazoak sor ditzazkeenak. Izan ere, gazteenen artean ikusten dira intolerantzia kopuru handienak. Horrela, 15 eta 19 urte bitartekoen artean gustura sentitzen ez direnak %19 dira, %16 20 eta 24 urte bitartekoen artean eta %17 25 eta 29 urte bitartekoen artean.

Datu hauek lurraldeka aztertuta, Bizkaian aurkituko ditugu gustora sentitzen ez direnen kopururik handiena (%29). Araban eta Gipuzkoan, berriz, ehuneko hori erdira jaisten da, %14ra hain zuzen ere. Ideia, sinismen edo balio berberak ez dituztenekin gustura ez dauden gazteen kopurua handiagoa da gune populatuenetan. 10.000 biztanletik gorako udalerrietan gazteen laurden bat gustura ez dagoela baieztatzen du.

Orain arte azaldutako datu hauek guztiek gazte euskaldunek atzerritar gazteen inguruan duten iritzietan oinarrituta daude, baina antzeko fenomenoa ikus daiteke atzerrita gazteek euskal gazteen inguruan duten iritzian. Horrela, bere ideia edota balio berberak ez dituztenekin gustura ez dauden atzerritar gazteen kopurua %16koa da.

Euskal gazteriaren erdia baino gehiago bere gurasoekin bizi da

Gazteen Euskal Behatokiak egindako azterketa baten arabera, euskal gazteriaren %53a emantzipatu gabe dago, hau da, bere jatorrizko familiarekin bizitzen jarraitzen du. Datu hauek, Gazteen Euskal Behatokiak pasa den urtearen amaieran EAEko 18 eta 34 urte bitarteko 1762 gazteri egindako inkesta batetik ondorioztatu dira. Gainera, aipatu ikerketan, emantzipazioa ezezik, etxebizitza erregimenari buruzko lehentasunak eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak ere aztertu dira.

Emantzipazio tasari dagokionez, GEBek egindako ikerketaren arabera, 18 eta 34 urte bitarteko euskaldunen %46 emantzipatuta bizi da. Emakumezkoen kasuan, emantzipazio tasa %50era iristen da (%42 gizonezkoen kasuan). Datu hauek estatu mailan eta Europar Batasunean den bataz besteko datuen antzekoak dira. Horrela, estatu mailan emantzipazio tasa %45ekoa da (Observatorio Joven de Viviendaren datuak). Emantzipazio tasa hauek, hala ere, baxutzat jo daitezke, izan ere, emantzipatu gabe dagoen gazteriaren %85ª emantzipatua egon nahiko lukeela aitortzen baitu.

Ikerketa honen arabera, bataz beste, gazteak 30 urterekin emantzipatzen dira, nahiz eta inkestan erantzundakoaren arabera adinik egokiena 24,5 urte izan. Emantzipatzeko zailtasunen artean, arrazoi ekonomikoak dira nagusi.

Emantzipatzeko arrazoien artean, berriz, arrazoi nagusiena bikotekidearekin elkar bizitzeko aukera nagusitzen da. Hala ere, gero eta gehiago dira bakarrik edo lagunekin emantzipatzen diren gazteak. Ildo honetan, azterketak berak etorkizunean emantzipazio eredu aldaketa bat eman daitekeela aurreikusten du.

Etxebizitza edukitzeko erregimenari dagokionez, emantzipatutako gazteen erdiak alokairuan egin du, eta beste erdia, berriz, jabetzan. Zenbat eta gazteago orduan eta alokairurako joera handiagoa.

 

Sormen eztanda Gernikako bonbardaketaren urteurrenean

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta, Gernikako gazte talde sortzaile batek Lobak plataforma abian jarri du. Talde honen xedea sormen lan desberdinen bidez bonbardaketaren gertakari historikoa lantzea izan da.

Egitasmoa aurten bertan sortu da eta Oier Plazak azaldu duen moduan, “Ideia lagun-arteko tertulia batean atera zen eta nahiko modu naturalean zabaldu zen, sare sozialek -ez internetekoek- ondo funtzionatzen dutelako Gernikako gazteen artean”. Ekimen honen punturik gorena apirilaren 27an Gernikako Lizeo Antzokian burututako erakustaldia izan da.

Plazak adierazitakoaren arabera, egitasmoaren ezaugarririk nagusiena bonbardaketaren gertakari historikoa oinarri hartuta, gazteen artean izan den parte-hartze aktiboa izan da. Hortik abiatuta, ekintza desberdinak mmodu naturalean sortu dira. Adibidez, Iñaki Basterretxeak eta Danel Lauzirikak, bonbardaketa eman ezean Gernika nolakoa litzatekeen eta gernikarrak nolakoak izango liratekeen erantzuten saiatu dira.

75. urteurrenaren itzalean sortu bada ere, egitasmoko arduradunek honekin jarraitzeko asmoa azaldu dute. Izan ere, egitasmoaren ideiaren atzean badago ere kultura ereduarekin zerikusia duen ahalegin bat. Zentzu horretan, Lobak eskualdean egiten diren lanak babesteko, mimatzeko eta zaintzeko ahalegina ere izan gura du.
Aurrera begira, abendurako, dokumental bat aurkezteko asmoa dute. Era berean, Hibai Agorriaren argazkiekin osatutako liburua ere argitaratu nahi da.

 

M15M Bilboko mobilizazioen inguruko azterketa

Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroko ikertzaile taldeak, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzaren laguntzarekin, Bilbon M15M mugimenduak egindako mobilizazioen inguruko azterlana burutu du. Ikerketa honen xedea, aipatu mobilizazioa azaltzen duten gizarte-dinamikak, partaideen profila, motibazioak eta antolakuntza mekanismoak ezagutzera ematea da. M15M mobilizazioaren kasuan, gazteen sektore bat mobilizazioan protagonista izateak eta gizarte sareek eta internetek egiteko garrantzitsua betetzeak berritasun-kutsua ematen diote ikerketa honi.
Ikerketak bost ardatz nagusi ditu: Bilboko mobilizazioaren hastapena, mobilizazioetan parte hartu zuten lagunen ezaugarri orokorrak, mugimenduaren barne-dinamikak eta gizarte ingurunearekiko interakzioaren azterketa, komunikabideek mugimenduaren inguruan esandakoa eta etorkizunera begirako erronkak.
Azterlan hau burutzeko, Deustuko Unibertsitateko ikertzaileek lau datu mota erabili behar izan dute: Inkestak, elkarrizketa sakonak, komunikabideen azterketa eta behatzaileen partehartzea mobilizazioetan. Azterketa taldea honako ikerlariek osatu zuten: Javier Arellano, Iziar Basterretxea eta Cristina de la Cruz.
Maiatzaren 15eko manifestaldiko gogo bizien eta Madrilen nahiz estatuko beste hiri batzuetan gertatutakoaren efektu mimetikoaren arteko konbinazioa izan zen Bilboko M15Mko mobilizazioa eta, beste hainbat hiritan gertatu bezala, geroko akanpada.
Proposamenaren funts etikoak, demokrazia onera ekartzeak eta alderdi politikoetatik independentea izateak erakarri zituen Benetako Demokrazia Orainen Bilboko kontzentrazioaren bultzatzaileak. Mobilizazio hori pizgarri bat izan zen: Madrilgo Sol Plazako mobilizazio hasi berriarekin konbinatuta, hainbat pertsonek Bilbon akanpada egitea erabaki zuten. Arrakastak antolatzaileak berak harritu zituen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

%d bloggers like this: