Euskal kulturaren topagune

Txelu Angoitia (Gerediaga)

(Argazkia: Txelu Angoitia)

Ugari dira igarotako udazkenak Durangoko lehenengo Euskal Liburu eta Disko Azoka antolatu zenetik. Eta dagoeneko, azokaren 45. edizioa izan da non Durangoko kaleak kulturaz blai egon diren abenduaren 4tik 8ra. Guztira, 285 stand ezarri ziren eta 505 nobedade aurkeztu ziren Euskal Liburu eta Disko Azoka honetan ‘auzolana’ ezaugarri nagusi izan zuena.

Historioz beteriko ekitaldia dugu Azoka 1965ean antolatu baitzen lehenengo azoka. Gauzak asko aldatu dira hago urtetik gaur egun arte, alabaina, aipagarri da jaio zen helburuarekin finko mantentzen dela Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea zuen xede eta du xede. Bide batez, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka, argitaletxe, diskoetxe eta banatzaileen azoka da, alabaina, argitaplenik ez duten erakunde edota elkarteek ere parte hartu dezakete.

Gerediaga elkarteak eman zion bizitza azokari eta izugarrizko lana egin zuen euskal kulturaren zabalkundea errealitate bihurtzeko. Gerediaga elkarteak Durango euskalgintzan jardutean, euskal topaleku batean pentsatu zuen eta lehenengo urtean 19 erakusle izan zituen azokak. Hasierako urteetan liburuak eta diskoak nagusi izan ziren eta gerora, DVD, bideo eta euskarri desberdin askotako ekoizpenak jarri dira ikusgai eta salgai.

Azokaren kokapenenak ere historia dauka. Gauzak horrela, hasieran eta 1974 urtera arte, Andra Mariko elizpean izan zen urte bateko etenaldiarekin. 1967n ez zen azokarik antolatu elizan konpontze-lanak egiten ari zirelako eta baldintza egokietan ezin zitekeelako ekimenik antolatu. 1974tik aurrera, merkatu plazan egitea pentsatu zen hangoan gobernadore zibilak aipatu baitzuen azoka ez zela ekitaldi erlijiosoa han egiteko. Enparantzan izan ziren azoka gehienak, 1974tik 1996ra. Durango, apurka liburu eta diskoez haratago, kultur eragileen topagune bihurtu denez eta gero eta jende gehiago hurbiltzen den, merkatu plaza txiki geratu da eta 2003 urtetik aurrera, Landako Erakustazokan izaten da.

Historian zehar azokak beste eraldaketa bat ere pairatu du. Hain zuzen, data aldaketarena ekimen hau ez baita beti abendu hasieran izan. Hasierako edizioek Domu Santu eguneko jai eguna profitatzen zuten eta 1980 urtetik aurrera abenduko lehen jai egunak aprobetxatuta antolatzen da.

Gerediaga elkartea, Durangaldearen ondarea eta eskualde kontzientzia berreskuratzeko eta indartzeko asmoz sortu zen 1965n. Durango Merinaldeko Adiskideen gerediaga Elkartea hartu zuen izena eta harrezkero Durangaldeko Merinaldeko ondare historiko-artistiko-kulturalean lan egin du. Eskualdeko kultur ondarea berreskuratu, ikertu, batu eta zabaltzeko lanak egin ditu, batzuetan ikerketak bultzatuz edota aholkularitza lanak egiten. Halaber, eskualdeari buruzko liburuak, aldizkariak edota erakusketak prestatzeko materiala biltzen du.

Aurtengo edizioa

45. edizio honek ‘auzolana’ izan du ezaugarri nagusi. Era berean, aurrekontuetan izan duten %30eko murrizketari aurre egiteko, argitaletxe, ekitaldietako partaideek eta azokan lanean dihardutenen esfortzuak eta ahaleginak garrantzia handia izan du. Erotismoa izan da ekimenaren gai ardatza eta mahainguru batean gaiaren inguruan eztabaidatu ziren zenbait kultur sortzaile. Bestalde, Joxemari Carrere ipuin kontalariak eman zion hasiera azokari ipuin-konferentzia baten bidez.

Azokan jarduera ugari egon ziren, hots, diska eta liburu aurkezpenak, mahainguruak, hizketaldiak, dokumentalak edota kontzertuak. Hiru eremu nagusi izan ditu azokak erakustazokak izateaz gain: Azoka barruko aretoa, sortzaileen gunea den Ahotsenea, eta Haur Literatura Aretoa. Azken honetan, haur eta gazteei kultura hurbiltzeko ekitaldi desberdinak antolatu ziren.

Herrialde gonbidatua, bestetik, Kurdistan izan zen. Idazle, musikari eta kazetari kurduak bisitatu zituzten Durangoko azokaren azpiegiturak eta gutxitutako hizkuntzei buruz eta adieazpen askatasunari buruz mahainguruetan parte hartu zuten.

Argizaiola omen-sariak

Nabarmen da Gerediaga elkarteak, azokaren baitan eta 1992 urtetik aurrera argizaiola omen-sariak banatzen dituela. Pertsona zein erakundeek euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana goraipatzea da sari honen helburua. Batez ere urte zailenetan, trabak traba, lan egin dutenei ematen zaie saria. Aurten Imanol Urbieta zarauztarrak jaso du omen saria umeen kantugintzan egin duen lana eta musika umeen irakaskuntzan erabiltzeko sortu duen eredua goraipatuarren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

%d bloggers like this: